Foru Aldundia eta Itsasmuseum, Bizkaiko Golkoan interes berezia duen kutsaduraren aurkako ekimen aitzindari honen parte izango dira
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Itsasmuseumek Ulysses Data For Science proiektuarekin bat egingo dutela iragarri dute gaur. Estuarioetan, ibaietan, itsasoetan eta ozeanoetan plastikoek eragindako kutsaduraren aurka borrokatzeko ekimen aitzindaria da Ulysses Data For Science, eta interes berezia du Bizkaiko Golkoko ekosisteman. Iragarpena Itsasmuseumen egindako ekitaldi batean egin da, Bertan izan dira Arantza Atutxa, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko saileko; Jon Ruigomez, museoko presidentea; Oihane C. Basurko, AZTIko ikertzailea; eta Jorge Ballester, Data For Science Fundazioko zuzendaria.
Proiektuaren helburua da itsasoko eta ibaietako ekosistemetan plastikoen iritsiera eta banaketa aztertzea eta monitorizatzea, eta, horretarako, tresna teknologiko aurreratuak zabaltzen ditu, erakunde publikoen, enpresa pribatuen eta, oro har, gizartearen arteko lankidetza sustatzeaz gain.
Ulysses Data For Science proiektuarekin bat eginez, Bizkaiak itsas kontserbazioarekin eta kutsadura plastikoaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa berresten du, eta erreferente gisa kokatzen da ingurumenaren ikerketan eta ekintzan. Ekimen honen helburua mugimendu global bihurtzea da, eta hasiera batean Bizkaiko Golkoan zentratzen da.
Zientzia, teknologia eta dibulgazioa
2020an hasi zen Ulysses proiektuak zientzia, teknologia eta dibulgazioa uztartzen ditu, kutsadura plastikoari buruzko ezagutza sortzeko eta tokiko eta nazioarteko arintze estrategiak sustatzeko.
Arantza Atutxa foru diputatuak Bizkaiko Foru Aldundiak euskal itsasertzaren iraunkortasunarekin eta kontserbazioarekin duen konpromisoa azpimarratu du. “Gure ekosistemak babestea erantzukizun partekatua da, eta gizarteko sektore guztien parte hartze aktiboa eskatzen du”, azaldu du Atutxak.
“Ulysses proiektuarekin bat eginda, Bizkaia erreferente gisa kokatzen da ingurumenaren ikerketan eta ekintzan, lurralde berritzaile, jasangarri eta euskal kostaldearen eta Bizkaiko Golkoaren kontserbazioarekin konpromiso handia duen lurralde gisa dugun zeregina berretsiz”, azpimarratu du diputatuak.
Itsasmuseumeko presidente Jon Ruigomezek nabarmendu duenez, “jasangarritasuna eta gure itsasoak eta kostaldeak babesteko kontzientziazioa erabakigarriak dira museoarentzat; horregatik, Ulyssesekin dugun konpromisoa aliantza naturala da, ildo horretan jarraitzera animatzen gaituena eta berrikuntza, zientzia eta jasangarritasuna uztartzen dituen ekimen batekin bat egiteko aukera ematen diguna”.
Oihane C. Basurko AZTIko ikertzaileak, berriz, teknologiek itsasoko zaborra arintzeko duten zeregina azpimarratu du. “Teknologia funtsezkoa da gure ur-ekosistemetako kutsadura plastikoari eraginkortasunez heltzeko. Sateliteak, sentsoreak eta zenbakizko ereduak bezalako tresna aurreratuak erabiliz, gure kostalde eta ibaietako plastikoen banaketari eta dentsitateari buruzko datu zehatzak lor ditzakegu. Informazio hori funtsezkoa da esku hartzeko estrategia eraginkorragoak garatzeko eta gure ekintzen eragina ebaluatzeko”.
Jorge Ballester Data For Science Fundazioko zuzendariak nabarmendu duenez, “gero eta gehiago gara Ulysses proiektua babesten, zientziaren bidez gure itsaso eta ibaietara plastikoak iristea murriztea bilatzen duen asmo handiko ekimena baita. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Itsasmuseum Bilbaoren atxikimendua urrats handia da gure helburua lortzeko bidean. Elkarrekin, gure ingurunearen babesean ezberdintasuna markatu dezakegu eta etorkizun hobea sustatu. "